Bulego lanza un hit de baile con ecos ochenteros en Pizten ari da

Bulego taldeak laurogeiko hamarkadako kutsua duen hit dantzagarri bat kaleratu du: Pizten ari da
Disko osoa argitaratzear dagoela, Bulego taldeak lan luzearen bigarren aurrerapena aurkeztu du, erritmoz eta bizitza bizitzeko gogoz gainezka dagoen abestia
 
Bueltan da!!! aurreko singlea ‘Udako abesti’ izendatu dute Gaztea irratian

Bulego taldeak gerrialdea astinaraziko digu Pizten ari da abestiarekin; 80ko hamarkadako soinuak berreskuratu dituzte eta, pop elektroniko hori beren estilora eramanda, hit dantzagarri peto-petoa ekarri digute, 2020. urtea baino lehen lagunekin egiten genituen festak berreskuratzeko asmoz. Euskaraz egindako pop musikaren beste irakurketa bat eginez, Bulegok iragana eta orainaldia uztartu ditu Pizten ari da abestian, bai musikari dagokionez, bai alderdi emozionalean, berriro ere bete-betean bizitzeko irrikaz.

Jai-giroko gau bateko ezusteko abenturaz blai dator Bulegoren Pizten ari da single berria, ongi pasatzearen gorazarrea, egunsentira arte dantzan aritzeko gogoa eragiten duena. “Berriro dantza egin nahi dut” lelopean, Bulego taldeak etxera joan beharrikez zegoen garai hura gogorarazten digu. “Ze inporta du erlojuak bostak ematen baditu”, dio Bulegoren abestiak.

Juno sintetizadore mitikoa, TR-808 erritmo-kaxa edo hirudunetan harmonizatutako gitarrak gaur egungo teknologiaren iragazkitik igaro eta abesti bizi-bizi bat sortu dute; Gaztain Estudioetan grabatu, nahastu eta masterizatu dute, Eñaut Gaztañaga eta Tomas Lizarazu produktoreekin. Berrogeialdian konposatu zuten Pizten ari da, askatasun-egarriz geunden garaian, eta bideoklipean ongi jasotzen da emozio hori. Iratxe Reparazek zuzendutako filman konfinamenduko giro klandestinoa jasotzen da, ospakizun sekretuak lagunen etxean edo naturako txoko ezkutuetan egiten zirenekoak.

Pizten ari da singlea Bulego taldearen lehenengo diskoaren bigarren aurrerapena da. Lehenengo singlea, Bueltan da!!!, Top Gaztea zerrendako lehen postuan egon da hainbat astez, eta ‘Udako abestia’ dela erabaki dute euskal irrati musikalean. Bulegok bere eragina hedatzen jarraitzen du, birak eginez etengabe, eta kontzertu garrantzitsua dute datorren urriaren 9an, Madrilgo Sala 0 aretoan. Kontzertu horretarako sarrerak salgai daude jada esteka honetan.

Biraren hurrengo datak:
Irailak 17 – MAÑARIA Herriko Plaza
Irailak 24 – ELGOIBAR Kalegoen Plaza
Irailak 29 – LAZKAO Herriko Plaza
Urriak 02 – AIZARNAZABAL Herriko Plaza
Urriak 09 – MADRIL Sala 0 aretoa
Azaroak 04-06 – CASTELLÓ Fira Trovam